VALDORBA HOTELA ****
Turismoko inskripzio kodea: UHR00878
Valdorba Landa Hotela**** Santsoainen dago (Leotz), Orbaibar haran historikoko edertasun naturalaren erdian. Iruñetik ordu-erdi eskasera dago, eta Tafallatik zein Erdi Aroko Erriberri hiritik oso gertu, Nafarroako Erdialdearen bihotzean bertan.
Orbaibar Nafarroako hegoaldeko eskualde lehorraren eta iparraldeko Pirinioetako eskualdearen artean dago; horren ondorioz, bien arteko trantsizioa islatzen da han, askotariko paisaien mosaiko miresgarria osatuta. Hartara, baso mediterraneoez goza daiteke, pagadi eta harizti atlantikoekin txandakatuta, baita basoko lorez, perretxikoz eta trufaz betetako labore-soroekin ere. Denboran zehar, ereiteko moduei eutsi zaie, eta soroetan sastraka eta zuhaiztia erabili da muga moduan. Horrenbestez, eskualdeko natura oso oparoa da, eta badira EBk Batasunaren Garrantzizko Leku gisa babestutako hainbat gune: Orbaibarko mendien Kontserbazio Bereziko Eremua, eta Monte del Condeko zein Olleta mendiko erreserba naturalak.
Hotela dagoen eraikina dotoretasun soilekoa da, eta erabateko harmonian dago ingurunearekin. Punta-puntako teknikei jarraituz eraiki da, hala erosotasunari nola ingurumenari begira. Nahiz eta goitik behera eraiki den, XVIII. mendeko gune bat errespetatu da, Vianako Printzea Erakundeak garaiko berezitasuntzat jotzen duena. Eraikin osoan klimatizazioa, doako wifia, igogailua, garajea eta aparkaleku pribatua daude.
Estiloa moderno minimalista da, eta birentzako 10 logela daude, 25 m2-koak; horien artean, bat mugikortasun murriztuko pertsonek erabiltzeko egokituta dago. Gure eskaintza bikaina osatzeko, 36 m2-ko junior suite bat eta 45 m2-ko terraza duen suite bat ditugu. Goiko solairuko zazpi logeletan 1,80 x 2 m2-ko ohe bana dago, eta lehen solairuko bost logeletan, 1,05 x 2 m2-ko bina ohe. Logela guztietan bi leiho daude, haranaren bista panoramikoei begiratzeko. Bainugelan, dagokion kategoriako osagarri guztiak daude.
Azken ukitua, baina, Coto Valdorba gure jatetxe-erretegi ospetsua da. Hiru sardexkako kategoria du, ardoaren ibilbidearen barnean dago, eta Turismo Sailak hautagaitzat proposatu du Nafarroako sukaldaritza tradizionalean espezializatutako jatetxe izateko. Jatetxe eta erretegi hau oso erakargarria da askotariko haragiak prestatzen dituztelako txingarretan (idi-txuletoia, azpizunak, arkume-saiheskiak, txurraskoa…) eta egur-labean (arkumea, antxumea eta txerrikumea). Sasoian sasoiko barazkiak eta kalitate handiko arraina. Trebezia handiz prestatutako platerak; inoiz ez dira falta ehizakiak (eperra, faisaia, usoa, oreina…) eta babarrunak, suak dakarkien maitasunaz eginak. Hotelak bezala, kalitate turistikoaren Q zigilua du; hortaz, bermatuta geratzen dira produktuen eta zerbitzuen kalitatea ez ezik, antolakuntza, osasungarritasuna eta garbiketa ere bai.
Aipatzekoa da inguruan badirela jarduera osagarriak; adibidez, Erriberriko gazteluko bisita gidatuak, garai batean hori izan baitzen Nafarroako errege-erreginen egoitza. Ardoak gure lurraldean nolako garrantzia duen aintzat hartuta, Ardoaren Museoa eta ardo-upeltegietarako bisitak ere oso interesgarriak dira. Artea eta historia gogoko dituztenentzat, bisita gidatuak ditugu Orbaibarreko erromanikoan; Erdi Aroko egundoko bitxiak daude. Giro lasai hartan, landa gure bizitzen protagonista zen, eta urteetan zehar, herriak eremu lauenetan edo muinoetan ezarri ziren, eskuarki erromanikoa zen eliza baten ondoan. Egoera horrek, hain zuzen ere, gaur egunera arte iraun du, eta Orbaibarreko natura, habitatak eta espezieak babestu egin ditugu beste lurralde askotan jasandako degradaziotik. Horrexegatik uste dugu natura hau dela gure zigilu bereizgarria eta berezia. Gure haranean askotariko espeziak daude babestuta: harrapariak, hegaztiak oro har, ugaztunak… Hala, gure Ama Lurra maite dutenek ikaragarri ondo pasatzen dute hegaztiei behatuz, baita gaueko ibilbide gidatuetan ere. Ingurumena errespetatzen dugula bermatu eta frogatzeko, gure jarduera guztiek, baita ehiza iraunkorrak ere, ingurumen-kalitateko ISO 14001 araua dute 2004az geroztik.